Mondragon Unibertsitatea

10/29/2024 | Press release | Distributed by Public on 10/29/2024 11:39

Digitalizazioa hezkuntzan Ikastetxeek Wikikasi proiektuan parte hartzeko deialdia ireki du Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak 29·10·2024

Digitalizazioa hezkuntzan

Ikastetxeek Wikikasi proiektuan parte hartzeko deialdia ireki du Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak

Wikikasi proiektuan, Wikipedia eta konpetentzia digitalak lantzeko ikas-egoerak diseinatuko dira, eta deialdian parte hartzen duten ikastetxeetan proiektu pilotuak gauzatu ahal izango dira Derrigorreko Bigarren Hezkuntzan. 2026-2027 ikasturtera arteko garapena izango du proiektuak.

29·10·2024

Proiektu honetan, ikastetxeei proposatzen zaiena da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen konpetentzia digitalaren lanketa egiteko ikas-egoerak inplementatzea. Horretarako, proiektuan parte hartuko duten ikastetxeek hainbat gai landuko dituzte euskarazko Wikipediak eskaintzen dituen tresnetatik abiatuta. Ikasleen zereginak hiru multzo nagusitan banatuko dira: informazio-iturriak hautatzea, informazioa egituratzea eta edukiak sortzea.

Bi konpetentzia digital hauen lanketa nagusituko da, beraz, Wikikasi proiektuan: batetik, informazio bilaketa eta hautaketa landuko da, eta bestetik, edukien sorkuntza.

Wikikasi proiektuaren helburua da ikas-egoerak hainbat ikastetxeetan inplementatu eta aztertzea ea Wikipedia tresna didaktiko baliagarria den ikasleen konpetentzia digitala lantzeko, tresna kolaboratiboa dela aintzat hartuta. Euskal Wikilarien Kultur Elkartearekin (EWKE) eta Talaios kooperatibarekin batera aurkeztu du proiektu hau Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak.

Proiektua Euskal Wikilarien Kultur Elkartearekin eta Talaios kooperatibarekin batera jarri du martxan Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak. Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea ikerketa-lanaz arduratuko da, eta bai ikasleekin bai irakasleekin datu-jasoketa egingo du.

Wikikasin parte hartzeko edo egitasmoaren gaineko zalantzak argitzeko ikastetxeak harremanetan jarri daitezke Jokin Molinero proiektuaren koordinatzailearekin.

Harremanetarako:

Jokin Molinero

[email protected]