11/06/2024 | Press release | Distributed by Public on 11/07/2024 04:50
Barakaldoko osoko bilkurak Tasa eta Prezio Publikoen ordenantza berria onartu du gaur arratsaldean, % 3,5eko eguneratze orokorrarekin eta progresibitate fiskala aurreikusten duten hobari berriekin, hau da, gutxien dutenek gutxiago ordaintzea. Hala, EAJ-PNVk, PSE-EEk, EH-Bilduk eta PPk hainbat akordio lortu ondoren, hainbat neurri sartu dira, hala nola familia ugarientzako OHZren progresibitate fiskala, kirola egiteko gazte txartela edo ibilgailu hibridoentzako hobariak.
Azken urteotan, Udala ere ari da aurre egiten udal-kontratuen kostuen igoerari. Adibide batzuk jartzearren, Iratxe Foces Ekonomia zinegotziak nabarmendu du bide-garbiketako kontratua % 16 handitu dela KBUSen kasuan, % 11.13ko igoerarekin, eta Barakaldo Kirolaken garbiketa-kontratua, berriz, % 29.4koa izan dela azken urteetan. "Kasu guztietan, langileengan eragiten duten lan-hobekuntzek kostuak handitzea dakarte, eta hori kontratuetan islatzen da zuzenean. Datuen arabera egiazta daitekeenez, kontratuen kostua % 3,5 hori baino dezente handiagoa da ", adierazi du Fozosek.
Onartu den % 3,5 eguneratzearen ondorioz, OHZren kasuan, familia batek 6 euro gehiago ordainduko ditu aurten, lehen ordaintzen zuena baino. Eta adibide gisa zirkulazio zerga jartzen badugu, urtean 2,4 euro gehiago ordaintzea ekarriko du batez besteko ordainagiri batean.
NEURRI ETA HOBARI BERRIAK
Berrikuntzen artean, nabarmentzekoa da OHZn familia ugarientzat ezarritako progresibitate fiskala. Barakaldok mila familia ugari inguru ditu gaur egun, eta beren errentaren arabera baliatu ahal izango dute neurri hori.
Gainera, Barakaldo Kirolaken bi bonu mota martxan jartzea onartu da: BK Gazte 29,95 euro: 14 eta 35 urte bitartekoak, fitness eta igerilekua+ edozein motatako pista/zelaiko alokairuak 1 €+ udalerriko kirol probetako deskontuak; eta BK Gazte Club 19,95 euro: 14 eta 21 urte bitartekoak, udalerriko klub batekoak, fitness eta igerilekua+ pista/zelai mota guztietako alokairuak barne, 1 €+ udalerriko kirol probetako deskontuak. Bonu hauek % 20ko deskontua eskaintzen dute urteko kuota honetan.
Era berean, hobari bat jaso da EIOZren zergan. Horren bidez, % 95erainoko hobaria emango da erregimen bereziko babes sozialeko etxebizitzen eta alokairuko etxebizitzen eraikuntzan, udalerrian etxebizitza sozialen sorrera sustatzeko helburuarekin. Hobariak sortu dira ibilgailu hibridoentzat, gutxien kutsatzen dutenak sustatzeko. Gainera, Etxez Etxeko Arreta Zerbitzuaren (ELZ) progresibitate fiskala handituko da, errenta handienek zerbitzuaren kostuaren % 50etik % 90era (hileko 4.000 eta 5.921 euro arteko per capita errenta) ordain dezaten, gaur egun maximoa % 40koa da.